2013/12/20

Eguberriko kontzertuari buruz "Noticias de Gipuzkoan"


Patxi Apezetxea Hernaniko Txistulari Bandaren Zuzendaria

"Jendeak gustukoen dituen doinuak ezagunak eta biziak direnak dira, horiek jasotzen dute txalo gehien"

Patxi Apezetxea, bere instrumentuarekin, Milagrosa kaperan.Bihar 13.00etan Hernaniko Txistulari Bandak eguberrietako kontzertua eskainiko du Milagrosa kaperan. Badira 30 edizio baino gehiago urtero emanaldi hau antola-tzen dutela. Patxi Apezetxea da taldeko zuzendaria eta herritar guztiak ekitaldira gonbidatu ditu
Aitziber Muga - Sábado, 21 de Diciembre de 2013 - Actualizado a las 06:09h

Patxi Apezetxea, bere instrumentuarekin, Milagrosa kaperan. (Aitziber Muga)
Hernani.  
Gabonetako kontzertuan zer entzuteko aukera izango da?
Zortzi doinu joko ditugu eta eguberrietan gaudenez, gehienak eguberriko doinuak izango dira. Beste batzuk doinu arruntak izango dira. Kontzertu hau biolin bikote batekin emango dugu.
Entzule asko gerturatzen al dira?
Asko asko ezin dugu esan lokala txikia delako, baina gehiena betetzen da. Lehen udaletxeko arkupetan egiten genuen eta herrian eginez gero, kalean, jende gehiago hurbiltzen da. Orain, berriz, etortzen den jendeak honetara bereziki etorri behar du, hori du gauzarik okerrena. Baina kalean zer pasatzen da? Bada hotz egiten duela eta haize asko dagoela eta jendeak, ordubete eserita, hotza pasatzen du. Hemen, berriz, goxo-goxo egoten dira. Nahiz eta jende gutxixeago etorri, gu oso gustura gaude.
Zein izango da taldearen hurrengo emanaldia?
Martxoan gure bandak, zortzi txistulari gara taldean, tronpetekin kontzertu bat eskainiko du. Normalean beste instrumentu batzuk lagundurik egiten ditugu kontzertuak politagoak eta aberatsagoak egiteko: gitarrarekin, pianoarekin...
Herriko beste talde musikalekin batera ere aritzen zarete.
Bai. Santa Zezilia ospatzeko, adibidez, Hernaniko eta inguruko txistulariak elkartzen gara: Astigarraga, Urnieta, Andoain... Hernanin beste txistulari talde bat dago, musika eskolako taldea. Egun horretan 30 bat txistulari elkartzen gara. Gero metal boskotearekin ere jotzen dugu, baita Kantuz abesba-tzarekin ere eta hor pertsona gehiago elkartzen gara.
Herriko festetan ere emanaldiak antolatzen dituzue.
Sanjoanetan Preludioa egiten dugu, festak hasi baino astebete lehenago egiten dugu kontzertu hori. Bertan talde handi bat biltzen da, musika bandak eta guzti parte hartzen duelako. San Joan egunean ere txistulari guztiak batzen gara eta hor ere metal taldearekin ateratzen gara.
Zaila al da beste instrumentu ba-tzuekin jotzea?
Gaur egun ez, baina lehen bai, txistuak desafinatuak zeuden eta txarrak ziren. Baina duela 25 urte edo, hori erraztu egin zen, txistu hobeagoak egiten hasi zirelako. Orain txistua edozein instrumenturekin batera jo daiteke.
Txistuak hiru zulo ditu. Gai al da edozein kanta interpretatzeko?
Bai, txistuarekin eskala kromatika deritzona osorik egin daiteke, hau da tonoak eta tonoerdiak jotzen ditu. Batzuk harritu egiten dira hiru zulorekin nola egin daitezkeen nota guztiak. Hori entseatu eta urtetan ikasiz gero lor daiteke. Badira txistulariak, txistulari onak, orkestrarekin jo dutenek.
Hernanin txistuarekiko zaletasuna al dago?
Bai, gu zortzi gaude bandan, baina musika eskolako taldea ere badago, eta aspaldikoa da, 80ko hamarkadan sortu baitzen. Aurtengo Santa Zeziliako kontzertura musika eskolatik 19 txistulari etorri ziren. Instrumentu guztiekin gertatzen den bezala, batzuk utzi egiten dute, baina beste batzuk jarraitzen dute. Gainera musika eskolatik etortzen direnak ikasiak eta teknika onarekin etortzen dira. Ez gu bezala. Guk gurea egin genuen eta orain gazteak indar gehiagorekin datoz.
Zenbat urte daramatzazu zuzendari lanak egiten?
Datorren urtean txistua jotzen dudala 48 urte beteko dira eta taldean hasi nintzenean ez nituen zuzendari lanak egiten, hiru pertsona ginelako, bi txistu eta atabaleroa, eta ez genituen kontzerturik egiten. Zuzendari lanak egiten hasi nintzen emanaldiak eskaintzen hasi ginenean, duela 35 bat urte.
Urte asko dira. Erretiroan pentsatu al duzu?
Beno, oraindik sasoiean aurkitzen naiz eta jotzeko ondo moldatzen naiz eta moldatzen naizen bitartean, eta erretiratzeko esaten ez didaten bitartean, jarraitu egingo dut beste urte batzuk. 68 urte ditut eta lanetik erretiratua nago.
Kontzertuetako kanten aukeraketa zuzendariaren eginbeharra da?
Bai, nire lana da. Hainbeste urtetan errepertorio handia osatu dugu eta beti, kontzertuetan, zerbait berria sartzen saiatzen naiz, lagunartean ere ez aspertzeko, jendeak ez dezala esan kanta batekin aspertu dela. Daukagun errepertorioarekin eta gauza berri batzuk bilatuz, ondo moldatzen naiz. Ez zait zaila egiten.
Igartzen al duzu publikoak zein kanta dituen gustukoen?
Bai, normalean jendeak gustuko ditu ezagunak diren kantak eta, horien artean ere batzuk besteak baino politagoak dira. Baina ezagunak eta bizi samarrak direnak, ondo joz gero, jendeak gustukoen dituenak dira. Eguberrietako kon-tzertuan bals bat joko dugu, oso polita, eta ziur aski, gustukoena hori izango dutela, badakigu, eta txalo gehienak horrek jasoko ditu. Gainera teknika handia behar da doinu hori jotzeko, solista batek jo-tzen du biolinen laguntza duela eta oso polita gelditzen da.
"Normalean beste instrumentu batzuk lagunduta ematen ditugu kontzertuak politagoak izateko"

"Hernanin txistuarekiko zaletasuna dago; gure bandan zortzi gara eta musika eskolako taldean, 19"

Gakoak

· Gipuzkoako txokorik maiteena: Donostiako Kontxa. Pasealekua zoragarria da, nahiz eta toki berdina izan, beti da diferentea: marea altua dago, baxua; olatu handiak edo txikiak; jendearekin edo jende gabe... Emaztearekin asko joaten naiz.
· Paisaia idiliko bat: Txindoki mendia Larraitzetik ikusita. Dena mendiz inguratuta dago, altura dexente hartzen duzu eta dena berdea ikusten da. Bakea senti-tzen duzu.
· Mendi bat: Adarra mendia, gertukoa dugu eta koadrilarekin askotan joan izan naiz.
· Hondartza bat: Gipuzkoako hondartzetara ez naiz asko joaten. Lehen Kontxa esan dudanez, orain Ondarreta esango dut joan izan garelako.
· Festa edo ospakizun batzuk: Hernaniko festak, bereziki Azeri Dantza, bertan jotzen dugulako eta oso maitea dugulako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario