Historia

Hernaniko Goizetik Txistulari Banda
    Badira mende batzuk Hernaniko txistularien historia hasi zela. XVI. mende hasierako dokumentuetan datu zehatzak azaltzen baitira. Hasiera batean, Udalak, ospakizun jakin batzuetarako, unean uneko eginiko hitzarmenak baziren ere, XVII. mendearen bukaera aldera, epe luzeagorako hitzarmenak egiten dira, eta hortik aurrera Udal Kontzejuko txistulari funtzionarioaren irudia osatzen joaten da.
    Txistulariak funtzionario gisa oposaketen bidez onartzeko araubidea joan zen mendearen erdi aldera arte indarrean izan zen Hernanin.
    Gaur egungo Txistulari Banda 1966an sortzen da. Urte horretan, igandetan Tilosetan dantzatzekoak jotzera kioskora igotzen zirenean txistulariek jasan behar zituzten kexuzko txistuak zirela eta, Ansorena-Ugaldetarrak kargua utzi, eta txistulari gazteen taldea osatzen da aurrera egiteko asmoarekin.
    Talde hartatik, eta partaideen gora behera batzuk tartean, iristen gara egungo Bandaren osaketa iraunkorrera; zortzi laguneko taldea (bi, soka bakoitzeko) eta zuzendari lanetan Patxi Apezetxea.
    Banda honek zenbait ospakizun edo ekintzetan parte hartzen du, hala nola: Igande zein jai egunetan kalez kale eskaintzen duten Alborada edo Goiz erestia; San Juanetako jaietan edota Iñauterietan; herrian zein herritik kanpoko emanaldietan; bestelako jaietan talde ezberdinen ibilbidean musikaz lagunduz, Errege Magoen desfilean, Santageda bezperan, kalez kale kantari edo Olentzero gauean, esate baterako. Baita Udal korporazioaren hainbat ospakizunetan ere.