2017/08/16

Hernaniarrak Donostiako 40. txistu kontzertu nagusian

  Kontzertua eitb.eus nahieran atalean ikusgai dago.

El Diario Vasco-tiK jasota

Kresalaren 50 urteak eta Juan Ignazio Iztueta jaio zeneko 250 urteurrena gogoratu zituzten txistulariek

Badaude herri gehienetako jaietan, eta horretan tamainak ez du eragin handirik, urtez urte errepikatzen diren ekitaldiak. Iritsi ziren egitaraura halako batean, eta hortxe betikotu dira. Ez dute denek gainditzen denboraren joana eta usadioen aldaketa, eta hobe leudeke horietako zenbait hemeroteketan eta historia liburuetan festa egitarauetan baino.Badira, ordea, urteak pilatu arren sasoi betean jarraitzen dutenak, eta horietakoa da Aste Nagusiko lehen egunean egin ohi den Txistularien Kontzertu Nagusia. Eta sasoi betean jarraitzen du urtero berritzen delako, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Gipuzkoako Ordezkaritzak Donostia Kultura eta Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren laguntzaz antolatzen duen kontzertuak urtero baitu zerbait berria kontatzeko eta beti ugariak izan ohi diren entzuleak txunditzeko.
 Jose Ignazio Ansorenaren zuzendaritzapean, Xabier Otaegik aurkeztua eta eguraldia lagun zutela, emanaldi bikaina eskaini zuten txistulariek eta haien gonbidatuek. Bazuten zer ospatua... Lehenik eta behin, Aste Nagusiko kontzertuaren 40. urteurrena.
Beste urtebetetze batzuek presentzia agerikoagoa izan zuten emanaldian, batez ere Kresalaren 50.ak. Donostiako Kresala Elkartea ezinbesteko erreferentzia da hiriko kulturgintzan, eta urrezko ezteiak abagune aproposa eman duen guztia eskertzeko. Hala, Artillero abestu ondoren, Konstituzio Plazako oholtzan jaso zituzten Kresalako kideek donostiarren eta bisitarien txaloak. Kontzertuan zehar lauzpabost agerraldi egin zituen gonbidatu bereziaren ordezkaritza zabalak, eta dantza ezagunak edota danborradarako piezak errepasatzeaz gain koreografia berriak ere aurkeztu zituzten.

Ahots bikainak

Gaur-gaurko euskal dantzaren altxorrekin batera, atzokoek ere izan zuten tartea kontzertuan, non gogoratu zen Juan Ignazio Iztueta dantzari, euskal dantzen maisu eta idazlearen 250 urteurrena. Iztueta (1767-1845) zaldibiarrari esker heldu zaizkigu XVII eta XVIII mendeetan horren ezagunak izan ziren ‘soinu zaharrak’, besteak beste. Iztuetari eskainitako tartean, dantzariari ahalegin fisiko handia eskatzen dion ‘soinu zahar’ bat dantzatu zuen Xabier Artolak, ‘San Sebastian’ izenekoa. Jarraian, Jon Imanol Etxabek kantatu zituen Iztuetak bere maiteari, Kontxesiri, egindako abestiaren bertso batzuk. Kresala taldeko dantzariek, berriz, Iztuetak berak jasotako ‘Bilantzikoa’ dantzatu zuten.
 Ehunurren bat ere gogoratu zuten laburki, Los Xey taldeko sortzaileetariko eta soinu-jole aparta izandako Pepito Yanci (1917-1985) lesakarrarena, haren fandango eta arin-arin bana taularatuz.
Txistulariekin, gainerako musikariekin (metal bostekoa, teklatu-, baxu-, kitarra-, flauta- eta perkusio-jotzaileak) eta dantzariekin batera, ahots bikain eta ezagunekin disfrutatzeko aukera izan zuten bertaratuek. New Yorken bizi arren Donostia ahazten ez duen Amaia Arberas sopranoak entzule guztiek ezagutzen zituzten piezak interpetatu zituen, eta Beratik heldu ziren, bikote bilakatuta eta Xabier Lete eta iaz hildako Leonard Cohenen abestiak berpiztera, Estitxu Pinatxo eta Petti.
Gonbidatuen artean izan ziren, halaber, Uztaritzeko txistulariak, txistuez gain bibolina, bonbardinoa, atabala eta bonboa dutenak eta kantuan ere egiten dutenak.


 

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario